Manipulatzeko erraza

Imagen

Endika Alabort Amundarain

(Berrian argitaratuta, Egitura sailean)

2008 eta 2013 urte artean Hego Euskal Herrian soldatak %8 igo dira. Hori bai zorte ona! Krisi garaian geure patriketan duguna haziz doa… edo gutxienez hori esan digute. Idatzizko prentsan, irratian, solasaldi eta prentsaurrekotan aipatu da, estatuaren batez bestekoa bi puntutan gainditzen dugula nabarmenduz. Hori bai marka polita, aberatsagoak garenez ziur krisi honetatik laster aterako garela. Baina neure inguruari so egin eta ez dut soldata hazkunderik ikusten. Senide, lagun eta ezagunen artean langabetuak eta prekarioak gara nagusi. Lanpostua mantentzen dutenek ez dute soldata igoerarik nabaritu, gutxienez esaten dutena hauxe da. Kontraesan hauek Hegelek proposaturiko prozesu dialektikoa jarraitzera bultzatzen naute, ikertzaile lana hasiz.

Nahiko arin lortu nuen iturriaren oinarrizko informazioa. Komunikabide askok berriaren iturri bezala INE hartzen zuten, baina apur bat aztertuz, iturria beste bat zen: Espainiar eta Frantziako aldi baterako laneko enpresa (ALBE) garrantzitsu bat. Lehenengo ondorioa: ez da instituzio ofizial batek zabaldutako datua, baizik eta ALBE batek datu hauei buruzko interpretazio bat. Eta noski, erakunde publiko eta pribatu baten interesak erabat ezberdinak izateko aukerak oso handiak izan daitezke.

Bigarren pausua metodologia ezagutzea zen. Horretarako, txostenaren egileekin kontaktuan jarri nintzen, haien erantzuna nahiko arin izaten. Ez zuten metodologia berezirik erabili, egindako lan bakarra INEren datuei buruzko interpretazio bat ematea izan zen. Hartutako datua soldata-kostu osoa zen, hots, oinarrizko soldata, soldata-osagarriak, aparteko orduak, aparteko ordainsariak eta atzeratutako ordainketak, Gizarte Segurantzari ordainketak eta PFGEZren atxikipena egin baino lehen. Noski, langileek jasotzen dutena ez da kantitate hori, zergak eta gizarte segurantzak honen zati garrantzitsu bat hartzen baitu. Ondorioz, ezin dugu soldata-kostu osoaren eboluzioa langileak jasotzen duten soldataren sinonimotzat hartu. Txostenean sinonimotzat hartzen dira.

Beste alde batetik, elementu oso garrantzitsu bat alde batera utzi dute txosten honetan: bizitza kostuaren eboluzioa. Horretarako Kontsumorako Prezioen Indizea erabili ohi da. Hasteko, esan behar da indizea kalkulatzerako orduan, kontutan hartzen diren produktuek ponderazio edo pisu zehatz bat dutela, teknikoek aukeratutakoa, honek dakar arriskuekin. 2008 eta 2012ko urteko batez besteko KPIa hartuz (2013 urtea kontutan hartu barik), Estatu espainolean prezioek %7,31ko hazkundea izan dute, EAEn %7,55 eta Nafarroan %6,89. 2013ko urtarrila eta urria artean, %1,2, EAEn %1,9 eta Nafarroan %0,8 aldatu da. Datuak hauek izanda, argi geratzen da azken bost urteetan bizitza kostua soldata-kostu osoaren gainetik izan dela. Soldaten eros ahalmena ez da igo, jaitsi baizik.

Baina estatistikoki haratago joan gaitezke, errealitatea islatzen duten datuen bila. Lehenengoz, ezin dugula soldata-kostu osa hartu langileak kobratzen duten sinonimotzat, gizarte segurantza eta zergak deskontatu behar baititugu. Bigarrenez, bizitza kostuaren eboluzioa kontutan hartu behar dela planteatu da. Hirugarrenez, langile guztiak soldata bera kobratzen al dute?

Bataz besteko bat ez da neurri adierazgarri bat, Botin eta finantza zuzendarien soldatak kontutan hartzen baitira, adibidez, perturbazio estatistikoa ematen. 2010. urtean bataz besteko soldata gordina espainiar estatuan 22.790 eurokoa izan zen, sarrien kobratzen den soldata, aldiz, 16.490 euro. Bien artean alde nabarmena dago, azken hau edozein langilearen errealitatetik hurbilago egoten.

Amaitzeko, datuak, estatistika eta ekonomia sarritan nahasten dira errealitatearen irudi desitxuratu eta alderdikoi bat emateko, ekonomia zientzia eta estatistikaren objektibotasuna aldarrikatuz. Mota honetako manipulazioak argitaratzea da gizarte zientzia hau ezagutzen dugunen erantzukizuna. Kasu honetan, zorionez, kaleko jendearen sena gailendu da: sakelan diru gutxiagoa dugu, nahiz eta txosten batek kontrakoa esan.

Advertisements

NOELIA COTELO RIVEIROREN JAKINARAZPENA, ESTATU ESPAINOLA SARRASKI GUNETAN BAHITUA

Imagen

Behinik behin legezkoa deritzot, zoritxarrez, ez naizela torturatutako preso bat, eskubideen eta demokaziaren, ustezko estatu honetan torturatutako beste preso bat baizik.

Ziegatik, non isolamendu bunker batetan sartuta naukaten, 6 urte daramatzadat giltzaperaturik, aldarrikatzeko eta altxatzeko odola dugunoi,borreroek egiten dizkiguten bidegabekeri eta ankerkerien aurrean eta estatutik euren sostenua irabazten, gu kolpekatuz,fisiko ta mentalki torturatuz edo eta zigorgabetasunarekin erailtzearen aurrean matxinatzeagatik soilik.

Gizarteratze hitz abstraktua erabiliz,egunean 23 orduz edukitzen naute 3 metro karratuko ziega batean giltzaperaturik, kaiola moduko batera irten behar,bakarrik noski, zeren legearen aurka doan,”F.I.E.S”ak existitzen jarritzen du. Etxekoengandik dispertzatua,  herritik dispertzatua eta maite ditudanetik urrun. Inor hitzegin nahi ez duen kartzelako aspimundua.

Egondako sarraski guneetan, errepasu askar bat eginez,publikoki salatu nahi dut emen ematen den egoera.

C.P.brieva: Barneratuen otsantasuna eta borreroen hitzak agintzen duen espetxe honetan, torturatu nauten espetxe honetan, eskumuturra hautsi eta 30 egunez eskaiola eraman behar izan nuen egunero jasandako torturengatik,

Erabat inkomunikatuta aukitzen naiz (teléfono, mintzaleku, bis a bisa, gutunik gabe) borreroek nire amari salaketa jartzeraraino irtsi direla nik inkomunikatuta jarraitzeko. Hamaika aldiz, euskarri mekanikora bilurrez eta zintzaz loturik torturatua hizan eta gero.

2012ko Urriaren 23an, loturik aurkitzen nintzela,estatuarenlekaio baten eskuak ikutzen nindutela esnatu nintzen.Nolatan ez da ezer egiten? Zeren usteldutako sistema sapaltzaile honek, borreroen

Zigorgabetasuna adoretu egiten du. Bizirik jarraitzen dut,baina anai-arreba ta kide asko hizan dira zitalki erailak, teorian zigorra betetzen zutenean. Gure buruaz beste egitera bultzatuak agintera zapaltzaileren mugatasunengatik; eskuetatik joaten zaizkien erasoetan hiltzen gaituztenean (gero urkatuta agertzen gara gaure buruaz-beste egin hizan bagenu bezala); metadona faltsutzen digute ezestatzeko (eta modu zurian erailtzeko”sobredosia”alegia) humiliazioa jasaten dugu, tratu txarrak eta hilurreneko erian dauden kideak gartzelan hiltzen dira kanpora atera behar zituen  legea esarri gabe.

C.P. Brieva,C.P. Picassent,C.P.Albolote…estatuaren deuseztatze esparru eta hiltegiak.75000 preso gara espainiar estatuan, min haundia, tortura eta sufrimendua (bai presoei bai senideei) horregaitik nire  nahia da, lotzen gaituzten elkartasun loturak, presioa egin dezatela eta tortura desagertzearen alde borroka egitea, gartzelen eta F.I.E.S.aren desagertzerrengatik eta hinork geilago ez sufritzeko bizi guztirako markatu gaituzten esperientzi hauek. Batu ditzagun gure ahotsak eta ukabilak jasoz, borroka gaitezen askeneraino, gure eskubide eta askatasunagatik!

KARTZELAKO GIZARTE ETA BERE SIKARIOEN AURKA! ANARKIARENGATIK!

NOELIA COTELO RIVEIRO, C.P.Alborote Granada

KAPITALISMOAREN NEKAZARI EREDUA VERSUS BASERRITAR PROIEKTUA.

Baserritar antolatuak; kontserbadore-atzeratuak, edo etorkizunerako proposamena?

 [1]Etekinak aspaldi banatu ziren, kapitalak mundua zatitu zuen eta zonalde bakoitzari funtzio bat eman zion, horrela lortuko baitugu “planetaren” funtzionamendu egokia. Asiak prezio txikietan behar dugun material industriala produzituko du. Erta-Hego Amerikak eta Afrikak (Asiako nekazal eremuarekin batera) behar ditugun elikagaiak eta kontsumituko dugun energiaren ekoizle dira. Estatu Batuetan eta Europan ordea, aberastutako herrialdeak garenez, zientzia (I+D) eta zerbitzuak sortuko ditugu. Eta guri dagokigu ere, beste herrialde guztiek produzitzen dutena eta kontsumitzeko aukerarik ez dutena, erosi eta kontsumitzea. Eta horrela, denak zoriontsu, bakoitza bere lanari lotuta.
Industrial iraultzekin batera, Europak nekazaritza baztertu zuen, berarekin ahaztu eta gutxietsi egin zuen. Gaur ordea, munduko kontrolerako botere ildo nagusietako bat dugu. Inork ez dio jaten ematen dion eskuari haginkadarik ematen, eta beraz, elikaduren ekoizpen eta banaketaren kontrola duenak, zer-nola-non-noiz definitu eta zehaztuko du.

Multinazional nagusiek hazietan, nekazal-pozoietan, agro-erregaietan, eta honen guztiaren esportazioan eta komertzializazioan inbertitzen dute. Kapitalismoaren nekazal eredua, transnazional-gobernu-banketxeak diseinatzaile dituela, ondasun naturalen kontzentrazioa eta pribatizazioaren eragile nagusia da (lurra, ura, ondasun genetikoak, basoak…).

Inposatutako sistema eta dakartzan ondorioak aztertuko ditugu. Gero, horren aurrean, oraindik ere erresistentzian dauden baserritarrek (erakunde zein mugimendu) duten proposamena ezagutuko dugu, kapitalismoaren aurrean dagoen alternatiba erreala dela uste dugulako.

Kapitalismoaren nekazal eredua.

– 1. Homogeneitatea edo monolaborantza.
Mundua zona handietan banatu dutela azaldu dugu, leku bakoitzari lan konkretua inposatuz; eta herrialdez-herrialde, herriz-herri lan hau ekoizpen bakarrarekin lotu da. Horrela, Argentinak 17 miloi hektarea soja transgenikoz beteta ditu, ekoiztuta dagoen lurraldearen erdia! Gure animalien pentzurako behar duguna. Brasileko ipar-ekialdeak 600.000 hektarea gehituko dizkio oraingo azukre kaña produkzioari, gure automobilek goserik izan ez dezaten. Palma afrikarrak milaka familia kanporatzen ditu Kolonbiako lurraldeetan eta Indonesia eta Malasiako lur eremu zabalak hartu ditu, gure autoen elikadura osasuntsuan eta ekologikoan laguntzeko. Espiritu Santo (BR) estatuak, sakrifizio santuan, bere lur gehienak gure ipurdiak garbituko dituen paperaren produkzioa bermatzeko eukaliptoz landatu ditu. Ahaztu gabe, herri tropikaletan kafe eta kakao ekologiko produkziorako hartzen diren eremuak (gure “beharrak” asetzeko kapitalismoak berde itxura lotsagabe hartu baitu).

Eta hain urrutira joan gabe, Andaluziako negutegietan (edo Marokon), immigranteek 50º gorako tenperaturetan egiten dute lan, horrela Gabonetan ere, tomateak jateko aukera izango baitugu. Bitartean gu hemen zoriontsu, abestiak dioen bezala, orain badugulako “naranjas en agosto, y uvas en abril” jateko aukera.

Gehiago gerturatuko gara. Euskal Herriko negutegi hidroponikoetara joko dugu. Nork sinesten du oraindik Gernikako piperra Gernikan ekoizten denik? Orain teknologiari esker, berogailua duten negutegiak ditugu, eta lurra beharrean sustratoak erabiliko ditugu. Eta lotsa gabe, agrotoxikoak bota eta gero tomate handi-gorri eta distiratsuenei kalitatezko K jarriko diegu.

Baina elebakartasun honek baditu ere bestelako ondorioak, ikusgarriena, orain arte ugalkortasunez beteta eta landagarriak ziren nekazal lurren desertifikazioa. Urtero ekoizteko aproposak ziren milaka hektarea galtzen ditugu, lurrak duen materia organikoa etengabe xurgatzen dugulako eta pozoia neurri gabe erabiltzen dugulako. Argentinara bueltatuz, hango soja produktore handiek jada lurra erosteari utzi diote. Horren ordez alokatu egiten dute, badakite 2 eta 5 urte artean balio gabe geratuko dela, bere ekoizpen ahalmena galduko duela. Basamortuak sortu, bertan behera utzi, eta aurrera jotzen dute, lurralde eta komunitate berrien konkistan-suntsipenean.

Sistema honen beste oinarri bat (geroago hobeto azalduta) esportazioa da, eta esportazioak garraiobideak behar ditu: barkuak, trenbideak, autopista eta autobiak… Europako kapitalismoak, agian aurpegi gogorrago eta klasiko bat duenez, super portuak, AHTak, gaseoduktoak… planteatzen dizkigu. Eta Hego Ameriketako kapitalismo berriak, ezkerreko gobernu eta giza-aurpegiaz, herrien lotura planteatuko digu… eta Nola sortu lotura hau? Atlantiko eta Pazifiko itsasoak lotuko dituen sareaz adibidez.

Andeetatik eta Amazonasetik pasatuko den sarea, eta errepideak, gaseoduktoak, trenbideak eta amaieratan super portuak izango dituena. A ze nolako diferentzia!
Monolaborantza merkatuarekin bat dator, mundu mailako merkatuarekin, kontzeptu biak ezin dira bereizi. Nire ingurukoak elikatzeko ekoizten badut, denetarik ereingo dut; herriko azokan saltzeko ekoiztekotan, oraindik ere denetarik landatuko dut eta seguruena nire produktu izarra izango dut. Supermerkatuetarako ekoizten duenak bizpahiru gauza ereingo ditu, ez gehiago, kantitate handiak beharko dituelako. Esportaziorako egiten duenak, produktu bakarraz egingo du lan (eta oraingoan bai, produktua, merkantzia, mailaketa honetan, gero eta gorago joan, elikagaiek bere balioa galtzen baitute elikagai bezala, eta merkantzia hutsa bihurtzen dira).

Eta batetik bestera pasatzen garen heinean, ekoizleak duen boterea edo erabakitze ahalmena galduz joango da. Mailaketaren puntan, esportazioan, merkatuak agintzen duena eta agintzen duen bezala produzituko dute (transgenikoa izan zein ekologikoa).

Era honetan, herriek autonomia galtzen dute eta transnazionalek boterea eskuratzen dute.

- 2. Pakete teknologikoak.
Nekazal familiek transnazionalen produktuekiko duten derrigorrezko menpekotasuna adierazteko erabiltzen duten hitz polita besterik ez da. Haziak erostearekin batera, ongarri kimikoak erosi beharko ditugu… ez da aukera, agindua baizik: transnazional bakoitzak sortu dituen haziak marka bereko lagungarriekin hazteko prestatuta daude… eta hazi ahulak dira (ez daude gure lur eta lan egiteko erara egokituta, eta gainera jaio aurretik ere botika eman diote -txito izango diren arrautzei antibiotikoa ematen diotenean lez-). Ongarri kimikoekin hazten diren landareak arinegi egiten dute eta beraz, erraz gaixotzen dira. Horrela, herbizida, pestizida, intsektizida, fungizida eta nahi dituzten bestelako pozoi-zida guztiak salduko dizkigute. Negozio biribila, hazi transgenikoekin borobiltzen dena, baina horretaz gero luzatuko gara.

Eta honi buelta bat gehiago emateko, inork alde egin ez dezan, teknika berria asmatu dute: “kontratu bidezko nekazaritza”. Pronaca enpresa (Monsantok Ekuadorren duen filiala) metodo hau erabiltzen abila da oso. Ni, enpresa, haziak eta pakete osoa emango dizkizut, eta zuk uzta izan ostean ordainduko didazu, interesekin, noski. Hori bai, uzta ere, niri eta nik nahi dudan prezioan salduko didazu, eta eman beharko nizun kantitateari sor didazuna kenduko diot. Urtea ona ez bada, uholde edo lehorteak badira…, dirutan ordaintzea ez baduzu, abal modura jarri zenituen lurrak emango dizkidazu.

Ideia bikaina hau ere, etekin izugarria eta ez dute nola huts egin! Ez dago enpresarentzat inbertsiorik, ez dago arriskurik. Landatzen duenak bai, horrek badauka zer galdu. 2008an Ekuadorreko mendizerran eta kostaldean uholdeak izan ziren eta familia askok uzta osoa galdu zuten. Azken orduan, Estatua tartean sartu eta ez zituzten lurrak galdu, baina etekin guztiak galdu zituzten eta orain zor handiak dituzte Pronacarekin.

Lurrak galtzean edo ordaindu ezin dituzten zorrak eskuratzean, baserritar askok bere buruaz beste egiten dute. Ez da ez datu anekdotikoa, Indian zortzi orduro nekazari batek bere buruaz beste egiten du. Kaltetuenak kotoi transgenikoaren porrotaren biktimak dira eta gehienetan, egoera horretara eraman dituen agro-pozoia hartzen dute hiltzeko.

Pakete teknologiko hauek, lurren eskualdaketa (lapurreta)ren errudun eta baserritarren heriotzen errudun direnak, lurraren ugalkortasun galtzea eta erosioaren errudunetako bat ere badira. Ez gabiltza bakarrik agropozoiei buruz ari, ongarri kimikoak eta makina handiak ere multzo honetan datoz. Familien dependentzia handitu egiten da, jada ez dituzte euren berezko tresnak eta baliabideak, agronegozioaren baldintzapean geratzen dira. Azken honek aginduko du zer, non eta nola landatu.
Era honetan, herrien autonomia transnazionalek irensten dute.

- 3. Agro-pozoiak.
Pakete teknologikoaren barruan egon arren, aparteko tartetxoa egin nahi izan diegu. Ezker erradikalenak orain, argudio zilegiak erabiliz, nekazaritza ekologikoari kritika egiten dio. Baina nekazaritza ekologikoa, hau da, pozoirik gabeko elikadura, minimoetan minimoena da, hortik aurrera, mundua. Gaur egun, nekazaritza ekologikotik ez datozen produktuak (eta ez gabiltza zertifikazioari buruz ari) pozoituta daude. Egunero pozoia jaten dugu, intoxikatu egiten gara. Bakoitzak hausnartu beharko du…
Guk jaten dugun hori, egunez egun nekazal langileek sudur-ahotik irensten dute eta azaletik asimilatu egiten dute. Agro pozoiez zuzenean intoxikatu diren 5.000 langile hiltzen dira Brasilen urtebetean, bataz beste. Hegazkinez izurtzean, herriak, errekak, basoak, inguruko landaketak… kutsatzen dira. Honek fetuetan malformazioak, abortuak, minbiziak, ugalkortasunaren galtzea eta, batzuetan, ume-zahar-ahulenen heriotza dakar.
Tarte batez Brasilen geratuko gara, munduan agrotoxiko gehien kontsumitzen dituen herrialdea baita, munduko %16a. 2008/09ko uztan 7.125 biloi dolar saldu ziren agortoxikotan; lurrera, airera, uretara eta elikagaietara bota ziren 134 tona pozoi. Pertsona bakoitzari (azken bi urteetan) 3.725kg dagozkio. Esportaziorako erabiltzen den sojak hartu zuen pozoiaren %51a. Munduko hamar enpresa nagusiek (Monsanto, Syngenta eta Bayer buru) merkatuaren %80a kontrolatzen dute.

Eta horrela, herriak hiltzen dira transnazionalek boterea eskuratzen duten artean.

- 4. Jenderik gabeko nekazaritza.
Monolaborantzak, bere makina super modernoekin, ez du jendearen beharrik. Sojan orain martxan dagoen “ereinketa zuzen” teknikak adibidez, makina bakarra erabiltzen du, aldi berean herbizida bota, lurra apur bat mugitu eta ereiteko.

Are gehiago esango genuke, jendea soberan dago, oztopo bat besterik ez da. Izan ere, batzuetan protesta ere egiten dutelako! animaliak akatzen dizkiezunean, lurrak kenduko dizkiezunean, fumigatzean, gaixotzean, uren kutsadurak direla eta… Eskubideen defentsan agertzen ohi dira eta hori garesti suerta dakioke enpresari. Errazagoa da beraz, nekazal eremuak hustea, basamortuak sortzea: komunitate gabe, belartxar gabe, zuhaitz gabe… negozioari kalte egingo dion guztia kenduz.

Hori lortzeko bide diferenteak daude. Gehienetan nekazal komunitateak isolatzen dituzte, errekurtso gabe uzten dituzte eta horrela ez dira inolaz ere erakargarriak eta jendeak alde egiten du. Beste batzuetan jendea lanpostu gabe uzten dute eta ekoiztutako elikagaiak prezio merkeegietan erosten zaizkienez, ekonomikoki itotzen dituzte: Elikagai ekoizleek gosea izaten dute haien etxeetan.

Hainbatetan dirua eskaintzen zaie, edo mehatxatzen dituzte, lurra saldu edo joan daitezen. Eta horrek guztiak ondoriorik ez badauka, polizia-militarrez kanporatzen dituzte, edo erahiltzen dituzte. Merkatu logikan ez dago mugarik.

Europan orain mugimendu berria antzematen da, txikia baina garrantzitsua: nekazal mundura bueltatu nahi duen belaunaldiarena. Hego Ameriketan, Afrikan eta Asian ordea, hirietara migrazioa ez da oraindik gelditu. Egunero, periferietako pobrezia tasak handituko dituzten familiak heltzen dira. Nekazal eremutik kanporatuak izan dira. Masakre isil berri baten aurrean gaude: indigenak, komunitate beltzak, arrantzaleak, baserritarrak.
Herriak desagertuz doaz transnazionalek lurrak eta lan esku merkea irabazten duten artean.

- 5. Globalizazioa.

Arazoari heltzeko datu pare bat besterik ez: jaten ditugun elikagaiek, bataz beste 800km bidaiatzen dituzte; Euskal Herriko arrantza portu handiena Forondako Aireportua da.

Kapitalaren eta merkatuaren globalizazioak herrialdeen arteko lehia zikina dakar. Europa eta EEBB-etan nekazariek diru laguntzak eskatzen dituzte eta batzuetan hauek izaten dira haien diru-sarrera nagusia… diru laguntzek uztaren prezioa merketzen dute eta horregatik, adibide bat jartzearren, mexikarrek arto gringoa jaten dute.
Andaluzian kexaka dabiltza, fruta eta berdura Marokotik inportatzen delako, bertan soldatak txikiagoak dira eta produktua merkeagoa… Belgikan kexu dira fruta eta berdura Andaluziatik datorrelako, bertan soldatak txikiagoak dira eta produktua merkeagoa.

Inportazio-esportazio merkatuaren logikak dunpinean du oinarria. Merkatu eta ekoizpen lokalek transnazionalentzat etekinik suposatzen ez dutenez, ez dute garrantzirik. Etekinak bidean daude: garraiobideak, azpiegituren eraikuntza, esportazio enpresak, banatzaileak, tartekariak… Ikusi bestela Bungue edo Cargill multinazionalak.

Mundua espezializatuz doa. Kontuz, lehen ere esan dugu, Europaren papera zerbitzuen produkzioa eta “kalitatezko” elikagaien produkzio txiki eta sinbolikoa da; horrek, bertako jakiekin elikatzeko eskubidea kendu dio. Tendentziari jarraituta, Europako nekazaritza turismoa erakartzeko bidea bihurtuko da, eta bitartean itsasoen bestaldetik datorkiguna jango dugu. Horregatik orain ez ditugu ekoizteko diru-laguntzak bakarrik, ez-ekoizteko ere dirua emango digute. Ez landatu eta gehiago irabaziko duzu… zure dignitatea diruz erosiko dizugu.

Animalien produkzioan momentu honetan estatu espainolaren dependentzia argia da; soja eta arto gehiengoa kanpotik datoz, eta nork erabakitzen du zer jango duten animaliek? Badago FEDNA (Fundación Española para el Desarrollo de la Alimentación Animal) izeneko aholkularitza tekniko taldea, bere barruan American Soy Asociation, Nutreco, Alltech eta Cargill moduko enpresak dituena.

Eta guk ez dugunez landatzen, ez dugunez bertakoa jaten, beste herrialdeei eskatu-agindu-exijituko diegu behar duguna ekoiztu dezaten. Eta guri bost horrek lurraren galtzea, komunitateen desagerpenak, edo nekazal jakituriaren suntsiketa suposatzen badu. Ez dugu bakarrik haiek landatutakoa jaten, euren lurraren emankortasuna, ura eta ondasun naturalak ere jaten ditugu.
Azken urteetan transnazional eta herrialdeek beraiek, beste herrialdeetan lurrak erosten ari dira. Herrien subiranotasunaren aurkako eraso berri honek ura eta errekurtso naturalak Iparraldearen esku geratzeko arriskua handitzen du.

Horrela herriek euren artean borrokatzen dira eta transnazionalek boterea irabazten dute.

- 6. Boterea esku gutxitan, kontzentrazioa.
Ikusten ari gara zein ondo pentsatu dituzten gauzak, kontrola transnazional gutxi batzuen eskuetan geratzen ari dela, herria ondasun naturalak pribatizazio edo suntsiketaren bidez galtzen ari dela. Hurrengo galdera beraz, zeintzuk dira enpresa horiek?

Gutxi dira bai, elikaduren merkatua esku dituzten enpresak. Eta haien arteko lotura eta akordioen bidez, produktua hazia denetik eta supermerkatuan saldu arteko tarte osoa kontrolpean izatea lortu dute. Hazien merkatuan Monsanto, Syngenta, Dupont eta Bayer ditugu nagusi, ildo transgenikoan bereziki. Eta lau hauek dira ere ongarri kimiko eta agro-pozoien saltzaile. Cargill eta Bungue zekale esportatzaileekin akordioak eginez, merkantziak munduan leku batetik bestera mugitzen dituzte, eta Wal Martek komertzializazioan eragiten du (munduan kontsumitzen diren elikagaien %60a kontrolatzen ditu).
Eskema sinplea da, izen batzuk falta dira, baina ez pentsa asko direnik. Merkatuaren kontzentrazioa beste sektoreetan baino bortitzagoa da.

Badakite gainera, galtzeko arriskua txikia dela. Gauzak okertu egiten badira, estatuek eta banketxeek beraien defentsan aterako baitira. Argentinan lur-jabe handiek gobernua kolokan jarri zuten esportazio-zerga ezarri nahi izan zuelako.

Aracruz Celulosa (BR), munduko zelulosa enpresa handiena da. Aski ezaguna Tupiniquin eta Guarani [2] indigenak, lurgabeak eta quilombolak kanporatu zituelako, urak kutsatu zituelako eta Bahiako hegoaldeko zein Espiritu Santo eta Sao Paoloko lurrak eukalipto monolaborantzan bihurtu zituelako; krisi gogorra izan zuen 2008an. Herria behingoz askatuko zela uste zuenean, Brasileko Gobernuak, Banco Nacional de Desenvolvimento erabiliz, enpresa krisitik atera zuen.

Estatuek beraien herriak saldu egiten dituzte, eta transnazionalen boterea handituz doa.

- 7. Transgenikoak.
Kapitalismoaren nekazari sistemak dituen “abantailen” zerrenda honetan, ezin genuen azken asmakizun hau ahaztu. Genetikoki manipulatutako izakiak. Bizitzaren patenteak. Askotan hitz egin eta idatzi izan da biodibertsitaterako suposatzen duten arriskuaz, giza osasunari eragindako kalteez… Oraingoan beste arrisku batez arituko gara.
Haziak, nekazaritzaren eta bizitzaren oinarria izanik, komunitateek (emakumeek bereziki) 10.000 urtez zaindu eta hobetu dituzte. Horrela, lurralde, kultura, lan egiteko erara, klimara… egokituz joan dira, herrien sinbolo eta ikonoa bihurtu arte. Komunitate indigenetan, nekazarietan, tradizionaletan, haien haziak erakutsiko dizkigute: landaketak, jakiak… eta haien kulturaren zati bat eraman dezagun, oparituko dizkigute. Arto, baba, arroz, berdura eta bestelako elikagaien barietateak harrotasunez eskainiko dizkigute.

Haziak patentatzeak, haziak transnazionalen esku uzteak, ondorio latzak ditu: gure bizitzak euren esku jartzen baititugu, zer landatu ezin baitugu gehiago erabaki, gosea nork izango duen haiek erabakiko baitute; gure kulturei uko egiten baitiogu; gure tradizio, gure lurra bortxatzeko eskubidea ematen baitiegu. Eta patenteak ez dira bertan geratzen, azken berrietan azaldu da Monsantok elikadura transgenikoa jan duten animalien haragia ere patentatu nahi duela, elikadura kate osoan royaltyak ordaintzera behartuz.

Eta, kontsumitzaileek transgenikoak jan nahi ez dituztenez, bioteknologiak beste esparruetara jo du eta azken urteetan esperimentuak erregaiak sortzeko zuhaitz modifikatuetara mugitu dira. Horretarako Monsanto eta Cargill, Monsanto eta Votorantim, DuPond eta Bungue… batu dira. Munduarentzat arriskua biderkatuz doa.
Transgenikoak beste pausu bat besterik ez dira, baina oso pausu handi eta garrantzitsu-arriskutsua, Amalurraren galeran, arbasoen jakituriaren galeran, komunitateen galeran.

Hau da agian transgenikoen arrisku handiena; froga edo hazi berriekin konponduko ez dena. Bizitzaren boterea multinazionalek irabaziko baitute, herriaren autonomia eta elikadura guztiz zapuztuz.

- 8. Errekurtso naturalak:
Lurra, ura, basoak, haziak, jakituria eta ezagutzak… Merkantzia bihurtu dira, eta beraz, merkatu legeak agintzen du, saldu eta erosi ahal ditugu. Mexikon adibidez, orain gutxiarte lur komunalak, ejidoak eta komunitateak babesteko legeak ziren, orain desagertu dira. Bakoitzari berea emango ziotela esanda, gobernua sartu eta komunitateak eta lurrak zatitu zituen eta gero, lege berrien babesaz lurrak erosi (lapurtu) ahal izateko eta ur-iturriak kontrolatzeko, merkatuan sartu zituen. Beste merkantzien antzera, orain lurrak jabea eta prezioa dauka. Berdin dio lurra publikoa, komunitarioa edo pribatua izatea, heziak eraiki ditugu eta bakoitzaren espazioa mugatu dugu.

Hego Ameriketako hainbat herrialdek orain lur indigenak onartzen dituzte eta horri aurrerapausoa deritzogu. Bizi eta ekoizteko tartetxoa onartzen zaie! Zelako gauza ederra! Imajina dezagun zer pentsatu behar duten bertan ehunka urte daramaten herriek. Lekuz leku mugitzen zirenak, lurralde osoan ehizatzeko edo fruituak biltzeko aukera zutenak. Eta orain, pozik egon behar dute hesitutako eremu batetik inork ez dituelako botako. Maputxeek dioten bezala, okzidenterako jabetza komunitarioa aurrerapausoa da (pribatuarekin alderatuz), baina haientzat atzerapausoa da (aurretik ez zuten lur jabetza ezagutzen).

Dena pribatizatu, patentatu eta saldu daiteke; antzinako ezagutzak, jakintzak ere, salgarriak dira. Gringoak tripako mina dutela esanez heltzen dira komunitatetara eta gerora sendabelarra lapurtu eta medizina modura patentatzen dute (adibide sinplea hau, baina benetakoa)… bio-pirateriaz ezagutzen duguna da. Jakintza eta ezagutzak beti herrien esku egon dira; orain zientzia dela diote eta eskura izateko ordaindu behar dugu.

Jakituriaren eta zientziaren patenteekin, herriek jakintzak galtzen dituzte eta transnazionalek boterea irabazten dute.

- 9. Agrokombustibleak.
Aurretik ere aldizkari honek gaia jorratu du. Beraz, datu bakar batzuk aipatuko ditugu, nekazari-lurrak erregaiak sortzeko erabiltzeak lurren eta elikagaien espekulazioa handitzen baitu. Estatu Espainolak 2010erako garraiorako erregaien %5,75a agrokonbustibleetatik izatea nahi zuen. Jada 46 biodiesel lantegi daude eta asmoa igotzen jarraitzea da, 185tn/urteko produzitzeko ahalmena izan arte. Horretarako nekazal lurren %10a biodieselaren produkziorako erabili beharko genuke (edo %20a etanolerako). Hori egingo ez dugunez, erregaietarako lehengaia Argentina, Brasil, Erta Amerika edota Indonesiatik etorriko da.

Mundu mailan agrokonbustibleen produkzioa 5 aldiz biderkatu beharko genuke mundu mailako eskaeraren %5a betetzeko. Horrek komunitateen desagerpena, basoen eta elikagaien desagerpena, transgenikoen biderkatzea etab. suposatuko luke. Eta munduari abantaila handirik ekarri gabe. Egia bada kotxeek negutegi efektuaren %14aren ardura dutela, nekazaritza industrialak eta lurraren erabilera berriek %41aren errudun dira. Eta agrokonbustibleek sistema hau sakonduko dutenez, CO2 emisioak gutxitu beharrean, handitu egingo genituzke.

Eta guzti hau martxan jartzeko sektore publikoa enpresa petrolera, kotxe, nekazari, bioteknologiko, energetiko eta finantzarioekin batu egin da. Adibide batzuk: BP eta Dupont Erresuma Batuan elkarrekin egiten dute lan. Estatuan Bio Gibraltar plantan Abengoa eta Cepsa elkartu dira edo Bio-Dosbio plantan Abengoak eta EbroPulevak sortutako Biocombustibles Castilla y Leon daukagu.
Eta laguntza publikoak ez dira atzean geratzen. Gaur egun biomasaz sortutako erregaiak defizitarioak dira ekonomikoki zein energetikoki. Estatuek ematen dituzten diru laguntza zuzen eta zeharkakoekin sustengatzen dira: subentzioak, zerga laguntzak, garraiobide sistema publikoen eraikuntza, karbonoaren komertzializazioa, kreditu bigunak…

- 10. Nekazal eredu honek ez du bakarrik lurra erabiltzeko teknika edo elikadurak produzitzeko era definitzen.
Kontrol sozialaz, botereaz, oraindik ere erresistentzian dauden nekazal/indigena herriak ahuldu eta desagertarazteaz arduratzen da. Herri hauek arriskutsuak zaizkie, zergatik? Sistema fideltasunez jarraitzen duten kontsumitzaileak ez dugula izan behar gogorarazten digutelako. Amalurrarekiko beste harreman mota bat posiblea dela gogorarazten digutelako.

Nekazaritzaren diseinua ez da nahikoa, botere publikoarekiko eta kapitalarekiko dependentziak beste adar batzuk ere beharrezkoak ditu.

Alde batetik baserri munduarekin zerikusirik ez daukan heziketa sistema dugu. Hirietarako diseinatutako curriculuma, komunitateari buruz ezer ez dakiten irakasleekin. Heziketa sistema hau ez da akats bat, helburu zehatzak dituen plangintza baizik. Eta helburua umeengan amets eta beharrak sortzea da… kapitalismo-kontsumismoaren ametsak, hirietan bakarrik gauzatu daitezkeen ametsak. Horrela, heziketa, hirirako migrazioen bultzatzaile eta eragile garrantzitsua da.

Eurek sortutako gaixotasunak sendatzeko besterik balio ez duen eta sendabide kimiko eta garestietan oinarrituta dagoen osasun sistema. Nekazariek ez dute gainera sistema honetan parte hartzeko eskubiderik: diru gutxi dutelako, komunitateetan ez dagoelako osasun zentrorik edo medikurik… Bertako jakituria eta ohiturak behin eta berriz baztertu, ukatu eta mesprezatu egiten dira adibidez, emakumeak ospitaletan erditzera behartuz. Osasun eta sendabide tradizionalak alboratzen dituzte, herrietako auto-estima jaitsiz eta haien autonomia zapalduz.

Antolakuntzarik gabeko komunitateak, atomizatuak eta gehienetan, hutsik geratzen ari direnak nahi dituzte. Kanpainak egiten dituzte familia eta herrien arteko iskanbilak sortzeko. Komunitateen arteko lehia pizten dute, haien arteko karitate urria “zozketatuz” edo enkantera ateraz.

Banakako proiektuak zintzoentzat, errepresioa antolatzen direnentzat.

Aisia, musika, artea, folklorea… merkatuan oinarritzen dute. Ohiturak, kulturak, jaiak, eta bertako berezitasunak mesprezatu eta isilarazten dituzte. Musika komertzial, hiritar, arrazista, sexista… inposatzen dute. Honek ere, baserritarren auto-estima ahultzen laguntzen du, elikadura sortzen dutenen lana eta bizitza alboratzen da lan-esku merkearen bila.

Horrela ba, herrien borroka ahuldu egiten da eta kapitalak boterea irabazten du.

Baserritar mundutik datorkigun proposamena.

Potatok zioen bezala “todavía hay quien resiste”. Ez dugu oraingo honetan batzuk sortzen eta beste batzuk amesten dugun komunitate anarkista idilikootaz hitz egingo; ez eta antzinako bake eta armoni komunitarioari buruz… Hego-Erta Ameriketan gaur egun borrokan dauden antolatutako komunitateei buruz arituko gara. Badakigu Asian eta Afrikan ere borrokan ari direla, baina gaurko honetan Ameriketara joko dugu.

Egunez egun baserritar-indigena hauek inposatutako nekazal sistemari aurre egiten diote, beraien lurretan mantentzeko borrokatzen dute, sistema kapitalistan buru belarri ez sartzeko erresistentzian daude (nahiz eta kutsadura nabarmena izan). Indigenak, beltzak (quilombolak hemendik aurrera), arrantzaleak, baserritarrak, nekazari txikiak, biltzaileak,… dira eta egunerokotasunean sistemari aurre egitearekin batera, eraiki nahi duten mundu berria hitzetan jartzeko gai izan dira. Kapitalismoaren oinarriak zalantzan jartzen dituen mundu berria eta txikitik, sinpleenetik hasten dena; egunerokotasunetik, ortutik, quintaletik, rochatik, elikaduratik.

Mugimendu batzuk asko aurreratu dira maila teorikoan, hemen komunean dituzten iritziak plazaratu nahi ditugu. Brasileko MPAk (Movimento dos Pequenos Agricultores) Historia Social do Campesinato liburu bilduma kaleratzen ari da, bertan baserritarren iragana, oraina eta etorkizunaz hitz egiten dute. Horrez gain, mugimendu honek (100.000 familia biltzen dituena) Plano Camponês izeneko proposamen politikoa diseinatu du.

Guzti honen abiapuntu teorikoa baserritarrak gizarte klase bezala definitzean datza. Langileriarekin puntu komunak onartzen dituzte, eta guztiok elkarrekin borrokatzeko beharra defendatzen dute. Baina baserritarrek ez dute bere lan-eskua saldu behar eta produkzio bideak bere esku dituzte; beraz, ezaugarri bereziak dituen klasea da. Eta proiektu propioa duen klasea izanik, zapaldutako klaseak askatuko dituen proiektuaren eraikuntzaren parte da.
Iritzi hauek nolabaiteko iraultza suposatu dute, orain arte herrialde gehienetako ezkerrak nekazariak desagertze bidean kokatzen baitzuen. Batzuk atzeratu bezala ikusten dituzte, eta kapitalismoaren nekazari sisteman sartzera behartuta daudela uste dute; beste batzuentzat, marxistentzat kasu, langileri bilakatu beharko dira subjektu iraultzaile bihurtzeko. Kiniela guztiek kale egin dute ordea: baserritarrak prest agertu dira mantentzeko, eta are gehiago, klase modura garatzeko eta erasoei aurre eginez, euren proiektua eraikitzeko.

Orain ikusiko dugu puntuz puntu, inposatutako sistemari ematen dioten alternatiba (edo buelta nola ematen dioten). Txikiak, agian detaileak, iruditzen zaizkigun gauzatxoekin herrien autonomiak agronegozioari aurre egiten dio.

- 1. Biodibertsitatea.
Baserritar familiek eurek elikatzeko erein eta landatzen dute, eta gehiago izanez gero, saldu edo trukatuko dute. “Nekazari berriek” saltzeko erein eta landatzen dute, eta zerbait soberan egonez gero, jango dute. Hau da lehenengo eta bereizketa nagusia; ez bakarrik produkzioan, baita bizitza eta mundua ulertzeko filosofian ere. Elikadura eta merkantziaren arteko bereizketa da. Baserritar eta, handik esaten duten moduan, agronegocinho artean.

Jateko ereingo dugunez, gero eta barietate gehiago izan, hobeto. Gure ohitura eta lurrarekin zerikusia duten elikagaiak landatuko ditugu, gure herriak aspaldi jaten dituena. Eta biltzaileak ere garenez (urrak, aranak, intxaurrak, pikuak…) basoak bere horretan zainduko ditugu. Produkzio osoa dugu gainera, zikloak ixten ditugu: berdura, legami, zereal, animali (ez dago apenas komunitate begetarianorik), fruta-arbolak eta gizakien arteko elkarbizitza gauzatuko da. Animaliek uzta zati bat eta honen hondakinak jango dituzte, eta euren kaka berriz ere ortuan erabiliko dugu. Ez dago zaborrik. Konpostean eta bio-digestoretan soberakinak erabiliko baititugu. Horrela, etxerako gasa edo traktoreak behar duen biodiesela ere bertan ekoiztu daiteke (alimergia [3]). Ziklo hauek ez dute kutsadurarik sortzen, dena birziklatzen da.

- 2. Autonomia.
Lehenengo puntuan azaldu dugunez, erregaiak edo ongarriak etxean bertan sortu daitezke. Gure lurra osasuntsua bada, gure landareek ez dute askorik beharko indartsu hazteko. Eta indartsu badaude, ez dugu botikarik behar, eta behar izanez gero, guk egingo ditugu: asunak, azeri buztana, berakatza etabarrez.

Poltsikoak eta Amalurra babesteko, traktore eta makina handiak alboratzen dira: makina txikiak, animaliak, auzolanak… erabiltzen dira lan gogorrenak egiteko.
Gaur egun elikagaien transformazioa enpresa “handien” esku dago, eta osasun arauak horretarako laguntzaile finenak dira. Baserritarrok marmeladak, gaztak, eta bestelako produktuak era tradizionalean egiten ditugu: kontserbak, eguzkitan lehortutako haragia, oliotan sartutako elikagaiak, ozpinetan… negurako elikagaiak gordetzeko bideak dira. Famili batzuk elkartu eta lantegi txiki autogestionatuak irtenbide bat izan daitezke; gehiegizko arau teknikoei aurre eginez.

Horrela, autonomian eta autogestioan aurrera egiten dugu. Komunitateak indartzen dira, herriek kanpoko produktuekiko dependentzia apurtzen dute eta erabakitzeko eskubidea eta boterea berreskuratzen dugu.

- 3. Agroekologia.
Mahai gainean dagoen eztabaida da hau. Beste hainbat hitzekin egin duen bezala, sistemak hitz hau ere eskuratzen saiatu da. Hala ere, garrantzitsua iruditzen zaigu bere benetako esanahia berreskuratuz erabiltzen jarraitzea. Jada sistemaren esku geratu den nekazaritza organika/ekologika/biologika baino gehiago delako.
Agroekologia ez da nekazal kontzeptua soilik, ikuspegi soziala eta politikoa ere baditu. Pozoirik gabeko nekazaritza du oinarri, bai. Mundua pozoitzeari uko egiten diolako: jendea, animaliak, lurra, ura, airea… hori da bere lehenengo konpromisoa.

Baina Amalurraren defentsan aritzea ez da hori bakarrik eta horregatik berarekin batera datorren nekazal sistemak beste ezaugarri batzuk ere baditu: makina handirik ez erabiltzea, lurraren emankortasuna ongarri organikoekin zaindu, biodibertsitatea, transgenikoen kontrako borroka… Eta nekazarien bizi kalitatea zaintzen du: salmenta prezio bidezkoak saltzaile zein erosleentzat, lan baldintza egokiak, herrixka zein komunitateen bizitza-kalitatea… Eta osagai politiko eta ekonomikoak baloratzen ditu: agronegozioaren aurkako borroka, lurgabeen borroka, erresistentziak,elikadura subiranotasuna…

Bere azken topaketa nazionalean, MPAk konpromiso hau hartu zuen: “kapitalak eta honek nekazal mundurako duen proiektuaren aurka bide guztiak erabiliz borrokatuko dugu; gizartea eta naturaren aurka egiten dituen ekintza suntsitzaileak salatuz eta galaraziz”.

- 4. Laborantza erreforma.
Giza funtzioa izan gabe edota produzitzeko erabiltzen ez diren lurren espropiazioa (monolaborantzak, bertan behera utzitako belardiak, azpiegituretarako expropiatuak izan diren lurrak…); elikadurak ekoiztuko dituzten pertsona, famili, mugimendu eta komunitateen eskuetara bueltatu daitezen. Europan hirietara migratu zuten nekazari eta baserritarren seme alabek eta ilobek nekazal eremuetara bueltatzea suposatuko luke. Beste kontinenteetan, oraindik ere hirietako periferietara “ihes” egiten duten familien buelta eta mantentzea suposatuko luke.

Zeintzuk dira abantailak? Eskala txikian egindako nekazaritzak kalitate handiko elikagaiak ekoizten ditu eta pertsona gehiagorentzat lekua du. Brasileko Nekazal Estatistikek [4] argi adierazten dute: agronegozioak, nekazal lurren %76a hartzen du, eta brasildarrek jaten duten elikaduraren %30a produzitzen du, sektoreko lanpostuen %25a sortuz. Beraz, baserritarrek edo famili nekazaritzak lurren %24a bakarrik erabiliz, elikagaien %70a produzitzen du eta lanpostuen %75a sortzen du. Hala ere, diru laguntza eta inbertsioei so eginez argi ikusten dugunez, gobernuak agronegozio eta esportazioen alde egiten du.

- 5. Elikadura subiranotasuna.
Herriek elikadura prozesuari buruz erabakitzeko duten eskubidea da, burujabetasuna. Prozesu osoari buruz ari gara, hazitik kontsumora; uztatik dibertsitatera; lurra lantzeko tekniketatik komertzializaziora. Ekoizten dugunarekin elikatzeko eskubidea, ingurua elikatzeko eskubidea. Merkatuen, trukaketaren eta bizitza-kultura lokalaren sustapena dakar.

MPAren azken dokumentura bueltatuz, “lurraldearen kontrola eta elikadura burujabetasunaren alde borrokatzeko konpromisoa, hauek baitira nekazal plangintza (Plano Camponês) eta herri boterearen oinarriak,” adierazten dute.

Negatiboki definituta, esportazioen ukapena da, sektorean nagusi direnen ukapena. Globalizatutako ekonomien eta transnazionalen ukapena. Kontrola berreskuratzeko apustua.
Aldarrikapen eta borroka hauek elikaduraren burujabetasuna gainditzen dute. Energetikoki apustua egiten dute: biomasan, biogasean, eolikoan, eguzkian… oinarritutako auto-produkzioa, kontrola eta autokontsumoa. Genetikoki: haziak eta berezko animali arrazen berreskurapena, zainketa eta hobekuntza. Hidrikoki: ur iturriak zaindu eta mantendu, ureztatze sistema txikiak gauzatuz. Eta lurraldeari begira: autonomia materiala zein inmateriala aldarrikatzen baitute, ekoizpen espazioa, bizitzarako espazioa.

- 6. Deszentralizazioa,
Errekurtsoak herriaren eskuetan egon behar dute: Autonomiaren aldeko borrokak ez du antolakuntzarekin kontraesanik sortzen, ez du atomizazioa bilatzen. Proposatzen den nekazaritza berri (edo zahar) hau aurrera eramateko maila lokalean erakundeak-taldeak sortu beharko dira. Adibidez hazien bankuak (edo nahi bezala deitu) beharrezkoak zaizkigu lana banatu eta errazteko, komunitarioa eta komunala izan dadin. Ekoizpena eta banaketa ere guztiok merezi eta behar dutena izan dezaten antolatu beharko da.

Kultura eta ohiturak berreskuratu behar dira: auzolanak, mutiroiak, tequioak, mingak, lan komunitarioa… edo nahi bezala deituta. Ekoizpen kolektiboak eta tokian tokiko ondasunen gestio kolektiboa sustatuz.

Elikadurari buruz eta ondasun naturalei buruz erabakitzeko boterea gure esku hartzen dugunean, gure bizitzen kontrola ere berreskuratzen dugu. Diru laguntzak irtenbide pertsonalak izanik askotan konpondu baino, arazo gehiago sortzen dituzte, horregatik, komunitateen autogestioa hobesten eta bultzatzen da.

Tartekariak desagerraraziz, katean dirua irabazten duten guztiak desagertzen dira, eta horrela prezioek ez dute ekoizleak ez eta kontsumitzaileak ekonomikoki hondatuko. Momentu honetan prezio margena (ekoizten duenari ordaintzen zaiona eta dendan ordaintzen denaren arteko diferentzia) %750koa da kasu batzuetan. Euskal Herrian bataz beste, produktoreek jaso dutena baino 3,76 aldiz gehiago ordaintzen dugu dendetan.

Salmenta zuzena bultzatuko da, ekoizleak eta kontsumitzaileak talde edo kooperatiba txikietan antolatuz. Horrela herritar guztientzat kalitatezko elikadura bermatuz.

- 7. Haziak, gizartearen zerbitzura dagoen herrien ondarea.
Edozein patente publiko edo pribatuaren aurka egiten dute, bizitzaren edozein motatako pribatizazio saiakera onartezina delako. Haziak, selekzio prozesu baten bidez hobetu dituzte nekazariek lurra lantzen hasi ginen aspaldiko garaietatik, eta hori da hemendik aurrerako apustua ere. Indar berezia egin beharko da galtzear dauden hazien birsorkuntzan, eta bertako animali arrazen zainketan. Gaur egun Europan debekatuta dagoen hazien gordetzea eta elkartrukatzea onetsiko dira, salmentaren aurrean.

- 8. Ondasun naturalak.
Ez dugu gehiago errekurtso hitza erabiliko. Lurra, ura, mendiak, basoak, haziak… ez dira gure menpe eta nahi bezala erabiltzeko dauden errekurtsoak, zaindu beharreko ondasuna baizik. Ezin dira gehiago merkantzia izan, ez dute jaberik, ez dira salerosten, ez dute espekulaziorako balio. Lurra ez da gurea, gu lurrarenak gara (mapu-che). Eskubide berbera dauka gizakiak egarri denean ura edateko (giza eskubidea), eta urak bere bidea jarraitzeko (eskubide kosmikoak).

Kultura indigenek terminologia eta kontzeptu berriak ekarri dituzte eztabaidara, euren artean lurraldearena (territorio) bizitza esparru bezala. Orain arte lurra aldarrikatzen bazen, orain lurraldea aldarrikatzen da; ez gara bakarrik zerbait fisikoaz ari, ez baitigu behar fisikoak soilik asetu behar. Komunitatearen esparru psikologikoa, espirituala, mistikoa behar dugu, honek auto-estiman eta naturarekiko harremanetan lagunduko baitigu.

- 9. Erregaiak.
Posiblea da alimergiaren bidez gure baserrian subiranotasun energetikoa lortzea, baina sistema goitik behera aldatzeko bide bakarra, kontsumoa bera murriztea da. Nekazal eta elikadura sistema aldatuz (maila lokalean kontsumitu, sasoian sasoikoa…) behar energetikoak murriztuko genituzke.

Gaur eguneko nekazaritza industriala energetikoki guztiz defizitarioa da. Kalkulatzen da herri industrializatuetan Afrikan baino bost aldiz energi gehiago erabiltzen dela zekale kilo bat produzitzeko, edo adibidez, arto produkzioan, EEBBtako nekazari batek Mexikoko batek baino 33 aldiz energi gehiago erabiltzen duela. Eta biodiesel edo etanolaren ekoizpenak egoera hau sakonduko du. Litro bat produzitzeko 300 litro ur kontsumituko baditugu, edo sortuko duen diesela baino petrolio gehiago behar badugu bere ekoizpen-transformazio-mugimenduetan; dudarik gabe erabiltzen duten aldaketa klimatikoaren gora beherak ez dira aitzakia egokia, CO2 gehiago botako baitugu.
Baserritar sistemak bai, aldaketa klimatikoa geratzen lagundu dezake: lurrak eta basoak defendatzen dituelako, giza eta animalien energia oinarri duelako, subiranotasunean oinarria duelako, kontsumismoaren gutxitzea dakarrelako. Eta gehienbat, garraiobideak eta hauekin lotutako azpiegiturak bertan behera geratzen direlako. Esparru murritzera, txikira, egunerokotasun sinplera, bueltatzean datza; behar dugun erregaien kontsumoa minimoetara eramanez.

- 10. Ildo nagusia ekoizpena bada ere, proposamen honek nekazal munduko biztanleentzat zein herritar-hiritarrentzat bizitza proiektu berria dakar, paradigma aldaketa.
Eta honen barruan nekazal hezkuntza proposatzen du. Lurraren pedagogian oinarritua, herri heziketa teknikak erabiliz, giza formazio zein politikoa barne dituen heziketa. Eskoletatik kanpora ere, bilerak, eztabaidak, praktikak, auzolanak… formazio gunetzat hartzen ditu.
Osasunean herrietako jakiturien berreskurapena, sendabelarren ekoizpena, higienea, elikadura osasuntsua… sartzen ditu. Eta antolakuntza komunitarioari indar berezia ematen zaio; ohituren praktikak berreskuratuz alde batetik (auzolanak, lanen trukaketa, belaunaldien arteko ezagutza trukaketa…) eta aisialdi osasuntsua sustatuz bestetik (jaien herri antolaketa, kulturaren ber-ekartzea, kirolak…)

Ez da beraz, elikadura subiranotasuna soilik; komunitateen burujabetza politiko eta ekonomikoa baizik.

Etsaiak eta kontraesanak

“Borrokan etsaia nor den eta nolakoa den ezagutu behar dugu edo ez dugu sekula irabaziko” (Sun Tsun). Urte askotan nekazal mugimenduek bestaldean terrateniente eta latifundiarioak izan badituzte (lurrak alperrik galtzen uzten zituzten lur-jabe handiak, teknologikoki atzeratuta); orain etsaia handitu eta kualifikatu egin da. Lurra suntsitzen eta etekina edozeri-edozeini ateratzen dioten transnazionalak ditugu norgehiagoka honen beste puntan. Mugimenduek kapitala eta bere tentakuluak diren multinazionalak kokatzen dituzte etsai nagusitzat, eta haiekin batera, goi klasearen defentsan eragiten duen estatu burgesa.

Mugimenduen oinarria familiak dira, okupazio, komunitate, herrixkatan antolatuta dauden familiak. Eta borrokarako eskura dituzten erreminta eta mekanismo guztiak erabiltzen dituzte: batzuk erreformistagoak gobernuekin negoziatu edo gizartea informatzeko saiakerak (prentsa, interneta…) adibidez; eta beste iraultzaileago batzuk ere: mobilizazio masiboak, lur eta egoitzen okupazioak edo sabotaiak kasu. Leku-kasu konkretuetan borroka armatua erabiltzen ari dira (Mapucheak Chilen edo laborantza erreformaren aldeko gerrilla Paraguayen).

Kontraesanak ugariak dira, barne zein kanpo mailakoak. Gutxika batzuk gaindituz doaz, beste batzuk hazi egiten dira eta berriak sortzen dira. Seguruena norbaitek entzun du Brasligo MSTak soja transgenikoa ekoizten duela (ez da gezurra, asentatutako familia batzuk egiten dute), edo Ekuadorreko FENOCIN Correa gobernutik gertuegi dagoela (egia hau ere), edo Chileko ANAMURIk, emakume taldea izan arren, genero kontraesan ugari duela; edo nik zer dakit.
Eta astakeria guzti hauek eta beste batzuk ere egiazkoak izan daitezke, edo egi-oinarri bat izan dezakete.

Mugimenduetan mina egiten duten arazoak dira; batzutan familia ugari biltzeagatik sortzen dira, edo formazio politikoan dituzten hutsuneengatik; beste batzutan ordea estrukturalak dira, eta estrategia akatsak. Kontraesan hauek mendebaldeko taldeen kritikak sortarazi dituzte, kritika zilegiak duda gabe, baina saia gaitezen oraingoan behintzat, europar kolonizatzaile begirada estutik ateratzen, eta ez dezagun pentsa munduarentzat biderik onena zein den, edo antolatzeko erarik legezkoenak zeintzuk diren dakigunik. Saia gaitezen, espiritu kritikoari uko egin gabe, begirada eta ulerkuntza zabalagoa izaten, egoerak eta kulturak ulertuz, mugimenduen egunerokotasuna ulertuz.

Eta are gehiago, saia gaitezen haratago begiratzen, eta ikusiko dugu erresistentzia hauek zer irakatsi ere badutela: egunerokotasunean, formazioan, kontzientziaren sorreran eta etengabeko nor-gehiagoan. Eta kritika-autokritika garatzean; beraiek baitira euren kontraesanen jabe eta onartzen dituzte, eztabaidatzen dituzte, konpontzeko saiakerak egiten dira. Ez dira kanpoko begiradetatik ezkutatzen saiatuko, ez dituzte ukatuko, ez dituzte justifikatuko. Horrela ematen baitira aurrerapausoak.

Aztertu dezagun bada, lokaletik sortutako-eraikitako eta maila internazionalean aritzen den artikulazio hau; etorkizun posible baterako indarrak biltzen diharduen proposamena.

Transgenikoen zenbaki eta helbideak

Europan arto transgenikoak 100.000 hektarea hartu ditu, ez da ezer Argentinako 22milio hektarea transgenikoekin konparatuta. Baina adierazgarria da 80.000 estatu espainolean daudela, 5000 Nafarroan. Honek Nafarroako artoaren %35a suposatzen du, zelaiak bisitatu nahi izanez gero hona hemen helbideak:

CNT, Urolan ere bai

Sindikatu anarkosindikalistak taldea eratu du eskualdean. Euren jardueraren berri emateko informazio kanpaina abiatu dute eta, horren barruan, solasaldia izango dute gaur, asteazkena, Sindikatu Zaharrean (19:30). Eddy Carrasco azpeitiarra eta Xabier Lopez azkoitiarra Urolako CNTko kideekin hitz egin du Uztarria.com-ek.
CNTko kideak ‘Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat’ manifestaziorako deialdia egin zutenean.

CNT edo Lanaren Konfederakunde Nazionalak historia luzea duen arren (1910ean sortu zen, Bartzelonan), Azpeitian eta inguruetan tradizio gehiegirik izan duenik ezin esan, ezta sindikatuaren aro onenetan ere. Gaur egun ere ez dira asko CNTren afiliatuak gurean. Baina egon, badaude, eta “kalera ateratzea” erabaki dute: Urolako CNT sortu dute, Zumarragatik Zumaiarainoko jendearen elkargune eta erreferentzia izateko asmoarekin, eta orain arte Donostiara egin behar zituzten joan-etorriak saihesteko ere bai.

Komunikazio kanpaina dute martxan, jendearen aurrean beren burua aurkezteko, eta horren barruan antolatu dute gaurko hitzordua Sindikatu Zaharrean. Hurrengo asmoen artean, epe ertainean, lokal bat irekitzea dute. “Momentuz nomada samarrak” direla diote irribarrez Eddy Carrascok eta Xabier Lopezek; Azkoitiko Matadeixen egiten dituzte bilerak sarri. Egoitza finkorik ez dute, baina bai harremanetarako helbide elektronikoa:urola@cnt.es.

Zuen sindikatua aspaldikoa da, baina hemen ez du presentzia handirik eduki izan. Zergatik CNT, hemen eta orain?

Eddy Carrasco: Historikoki eduki izan du presentzia Beasainen, Tolosan, Legazpin, Zumarragan… baina egia da hemen jende askok galdetzen digula ‘zer da hori?’. Langileak mugitzeko erraminta bat bezala hartzen dugu, langileen eskubideak defendatzeko eta langileak beren eskubideen defentsan inplikatzeko. Orain arte, delegatu bat daukagu hor, eta guri zerbaitek eragin arte, murrizketaren batek edo kaleratze batek, ez gara martxan hasten; beti atzetik gabiltzan sentsazio hori.

Eskualdean bizi den egoerak (lantegien itxierak, langabeziaren igoera…) sindikatu ‘berri’ baten ezarpenarekin zerikusia duela pentsatu daiteke, ezta?

Xabier Lopez: Pentsatu daiteke, bai. Gu geu lehendik afiliatutakoak gara gehienok baina bai, horretan gabiltza, jendea erakartzeko intentzio horrekin. Kalera atera behintzat, gu ere hemen gaudela erakusteko; hori azaldu eta, behar bagaituzte, horretarako gaudela erakutsi.

“Ez gara beste sindikatuak bezalakoak”, diozue. Zertan desberdintzen zarete, bada?

XL: Gu hasiera batetik anarko-sindikatua gara, ez gara sindikatu huts bat. Liberaturik gabeko sindikatua gara, inongo diru-laguntzarik ez dugu jasotzen, afiliatutako jendeak ordaintzen duenarekin antolatzen gara. Bestetik, jendeari beraien burua defendatzen erakusten diogu, bakoitzari erakutsi bere lantokian bere burua defendatzeko nola egin behar duen.

Eta hori nola gauzatzen duzue?

EC: Horrek lan personal bat eskatzen du, azken batean. Igoal, sindikatu tradizionalekin dena eskura ematera ohitu gara: delegatu bat daukagu, harengana joango gara eta berak konponduko digu dena. Ez. Gu gara langileak, eta gure eskubideak geuk defendatu behar ditugu. Norberak lan bat egin behar du eta, norbaiti ukitzen badiote, geure enpresan edo aldamenekoan, denak bat eginda joan behar gara; lan hori ez dugu utzi behar baten edo gutxi batzuen esku. Nolabait inplikazio hori bultzatzeko sortu gara. Eskubideak murrizteko neurriak hartzen dituztenean, lan erreforma kasu, kolpatzen gaituztenean, orduan hasten gara mugitzen, kalera ateratzen. Guk uste dugu aurretik egin behar dela lan bat, eta horrek konpromiso maila bat eskatzen du. Bestetik, demokrazia zuzena praktikatzen dugu; erabaki denak asanbladak hartzen ditu, eta asanblada bera da erabakiak atzera botatzeko ahalmena duena ere, goitik ez dator ezer.

Elkartasuna eta ekintza zuzena aldarrikatzen dituzue.

EC: Ekintza zuzena esaten dugunean, eraso bakoitzaren aurrean geuk defendatu behar dugula esan nahi dugu; ez dugula utzi behar sindikatuaren gain edo delegatuen gain manifestazioak antolatzea edota beti egiten diren gauza horiek. Geuk parte hartu behar dugu, geure lanpostua da eta geure lan baldintzak defendatzen ari gara. Hori da ekintza zuzena.

Zertaz arituko zarete gaurko hitzaldian?

XL: CNT zer den esplikatuko dugu, historian zehar zer bilakaera izan duen, eta Euskal Herri mailan.

EC: Anarkosindikalismoaren funtzionatzeko era ezagutarazi eta plazaratu nahi dugu; CNT oso arrotza egiten zaie askori, beste mundukoa balitz bezala.

XL: Jendeak beldurra ere bai agian, ‘anarko’ hitza entzuten duenean. Jendeak anarkia lehergailuekin eta istoriekin lotzen du beti; eta justu kontrakoa da, guk halako gauzarik ez dugu defendatzen.

EC: Bilkura irekia izango da, mahai-inguru gisara, edozein galdera badago erantzungo da. Denok hartuko dugu parte eta denok izango dugu ekarpenak egiteko aukera.

Eta aurrera begira, zer asmo dituzue Urolako CNTn?

XL: Asmoa kalera ateratzen segitzea da. Oraindik ez dugu zehaztuta, baina pentsatzen ari gara hambostean behin-edo liburutegi ibiltari moduko batekin ateratzea.

EC: Formakuntza bultzatu nahi dugu, baina baita autoformakuntza ere. Ez dugu nahi gugana datorren bailarako jendea beti Donostiara bidaltzea. Horregatik, geuk ere lan asko egin behar dugu, eta lan asko egin beharko dute gugana etortzen direnek ere. Azken batean, zerotik hasten ari gara, hala da. Beti edukiko dugu Donostiako edo Bilboko abokatuen laguntza, baina edozein nomina, edo kontratu sinatu behar bada… geuk ere formakuntza izatea ezinbestekotzat jotzen dugu. Gero, epe ertainera-edo lokala izateaz hitz egiten ari gara.

XL: Leku fisiko bat izanda, gauzak egitea errazagoa izan daitekela uste dugu.

GAZTETXEA AUDIENTZIA NAZIONALERA

 

Imagen 

Lada badira ia hiru hilabete ertzaintza Gaztetxean sartu zenetik. NIK JARRI NUEN kanpainaren bidez salatu genuen orduan gertatutakoa, baina agian hobe berriz ere gogoratzen badugu behatz erakusle eta fondo hori horren atzean zer zegoen: igande gau batez, ertzaintza gaztetxera sartu zen, bertan lanean zegoen zerbitzariari ateratzeko eskatu eta gaztetxe kanpoan eskegita zegoen “Joseba Segurola (pifo) 10 urte espetxean, gurekin behar zaitugu” lelodun pankarta kentzeko ezkatu zioten. Kendu eta jarraian, terrorismoari gorazarre egiteaz akusatu zuten zerbitzaria eta audientzia nazionalera joango zela ohartaratzi zioten.

 

Esan besala, hiru hilabete pasa dira eta berriak etorri zaizkigu Madril aldetik. Zentzugabekeri hau bere horretan utzi ordez, bariduri kasua aurrera eramateko ahaleginak egingo dituztela eta orain gaztetxeko goiko pisuko funtzionamendua eta lokaleko arduradun baten deklarazioa eskatzen dizkigute; pankarta goiko pixutik zintzilikatuta zegoenez. Halere, ez dakigu aurrerantzean zein bide hartuko duen kontuak eta judizialki eman beharreko pausoak finkatzen ari garen arren, herri gisa ere erantzun beharra dagoela deritzogu, pertsona konkretuen gainetik, proiektu eta ikuspegi oso bati egin diotela eraso uste baitugu.

 

Honengatik guztiagatik, gaia herrira zabaltzearekin konformatu ez eta erantzun bat emateko ordua dela uste dugu gaztetxea geure sentitzen dugun guztiok. Ez baitzagu ez justua ez bidezkoa iruditzen gertatutakoa, elkartasuna delitu kontsideratzeaz gain, geure etxea bera ere arriskuan ikusten baitugu.

 

Jakina da Gaztetxea kolektibo sentsibilitate desberdinen topaleku dela, dagoenarekin konformatu ez eta alternatiba bat geure kabuz eraikitzeko asmotan bildutako jende anitzez osatutakoa. Horrexegatik, aho batez oihu egin eta gaztetxearen aldarria denona egitea eskatzen dizuegu, asko baikara proiektu honetan sinesten dugunak eta eraso hau justifikagaitza eta onartezina deritzogunak.

 

Horretarako, ondorengo asteetan ekimen desberdinak abiatuko ditugu gertatutakoa salatzeko (ate irekietako eguna, prentsaurrekoa…) eta beraietan parte hartzeko eskatzen diegu herritarrei, desadostasuna eta haserrea adierazteko ordua ezta onartuko ere. Horretarako, finkatzeko ditugun ekimen horiez gain, manifestazio handi eta anitz bat egiteko asmoa daukagu

 

Abenduaren 21erako, zehaztasun gehiagoz zabalduko duguna hurrengu egunetan.                    

 

 

 

Urretxu-Zumarrako Gaztetxea

Sortu dugu urolako cnt- Azaroak 20 arratsaldeko 19:30etan Azpeitiako Sindikatu Zaharrean

Azaroak 20ean, arratsaldeko 19:30etan, CNT sindikatuaren aurkezpen hitzaldia izango da Sindikatu Zaharrean.

 Urola-eskualdea enpresen itxiera sufritzenari da eta jendarteko ezberdintasunen hazkundeak mehatxatzen du. Corrugados bezalako itxiera baten atzetik Fagor guztiahldunaz gain, Grumal, Pemec, eta beste zenbait etor daitezke. Gero eta langile gehiago ari dira kaleratzen, eta kaleratzen ez dituztenak, gutxiengo pribilegiatu baten aldeko eskubide murrizpenak, eta soldata jaitsierak sufritzen dituzte. Ahuelenei (bertakoei eta kanpokoei) tokatzen zaie, krisialdia ordaintzea. Eragin ez duten krisialdi bat ordaintzea.

Cnt sindikatuak, antolakuntzarako deia egiten die langabetuei, langileei, ikasleei, jubilatuei, eta etxeko andreei (edozein leku eta herrialdekoei). Gure jendarte edo sindikatu lana, beti elkartasunetik eta elkarrekiko laguntzatik etorriko da. Bi horietatik hasita, sistema justuago eta berdinago baten alde egin nahi dugu ekintza zuzenaren bidez: “Gutariko bat erasotua bada, guztiok gara erasotuak”.

Ez gara beste sindikatuak bezalakoak. Behetik gora gaude antolatuta, erabaki guztiak asanbladan hartutakoak dira, ez dugu inongo dirulaguntzarik jasotzen eta ez daukagu liberaturik (inorrek ez du sindikatutik soldatarik jasotzen). Gauza bera dena, sindikatu asambeario, autogestioan oinarritua eta horizontala gara.

Azpeitiako CNT sindikatua aurkezteko, hitzaldia egingo da Sindikatu Zaharrean. Bertan zer garen eta nola funtzionatzen dugun azalduko da. Aurkezpena, azaroak 20, 19:30etan izango da. Guztioi dago irekita.

Emaila:  urola@cnt.es

lotura:

http://gipuzkoa.cnt.es/spip.php?article960